2019/03/26

Sucreko Askatasun Etxea. Bi emakume


Latinoamerika; bidaia baten hainbat zertzelada, irudi eta esteka (08)

Sucreko Askatasun Etxea. Bi emakume
(2018 / 10 / 16)

Boliviako hiriburu konstituzionalean nago. Hemen eman zen “Amerikako lehen oihu libertarioa”. Horrela deitzen diote 1809ko maiatzaren 25ean Sucren jazo zen matxinadari. Esaten dute Amerikako borroka libertarioa piztu zuen txinparta izan zela. Libertario?

Maiatzaren 25 Plazan Askatasuneko Etxea dago eta bertan sartzen naiz. Peru Garaiko independentzia aldarrikatu zuen Batzar Hausnartzailea hemen bildu zen; gero, 1898ra arte, Boliviako Kongresuaren biltokia izan zen. Erreboluzioa izan zitekeen borroka baten historia erakusten da museoan. Protagonistak nonahi, gehienak gizonezkoak. Baina bi emakumeri buruzko historiek jakingura areagotzen didate: Juana Azurduy eta Bartolina Sisa-renak. Elkar ez zuten ezagutu.

Juana Azurduy jaio (1780) eta denbora gutxian, Bartolina Sisak eta Tupac Katarik La Paz hiria setiatu zuten. 1781ean, “Amerikako lehen oihu libertarioa” deitutakoa baino hogeita zortzi urte lehenago, Bartolina Sisa aimara eta kitxuen tropa-buru izan zen espainiar menderatzearen kontrako matxinadan. 1782an urkatua eta zatikatua izan zen, bere gorputz-adarrak eta burua leku desberdinetan ikusgai jartzeko, armada-buru izan zen lekuetan.

2014tik Bartolina Sisa irudikatzen duen margolan bat Askatasun Etxean dago, indigenen duintasuna aldarrikatzen; haren atzean Whipala bandera ikusten da, andetar nazioko ikurra; azpian Simón Bólivar, Antonio José de Sucre eta José Ballivián.

Lehenago Juana Azurduyk bazeukan bere lekua hemen. Honek dena eman zuen independentziaren alde, eta dena galdu, seme-alaba gehienen bizitza barne. Bakarrik, ahaztuta eta pobrezian hil zen. Bere gorpuzkiak ehun urte egon ziren hilobi komun batean. Gaur etxe honetan daude, landutako zurezko kutxa batean; bi banderek babesten dute urna: Boliviakoa eta Argentinakoa.

Juana Azurduyk erreboluzioa izan zitekeen borroka batean dena eman zuen, baina Latinoamerikako independentziako gudek ez zuten aldaketa soziala lortu. Bartolina Sisa masakratua izan zen indigenek pairatzen zituzten esplotazio eta gehiegikerien kontra borrokatzeagatik, baina aimara eta ketsuen eskubideak errespetatuak izaten hasteko mendeak igaro dira. Emakume hauek merezi dute libertario kalifikatzailea.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Viaje al románico de La Bureba

  Cuando enero empezaba a envejecer, atravesamos, desde el norte, la cadena de los Montes Obarenes por el desfiladero de Pancorbo. Nos diri...