2019/03/10

Limatik Limara




Latinoamerika; bidaia baten hainbat zertzelada, irudi eta esteka (01)

Limatik Limara
(2018 / 09 / 26)

Lima, hirurogeita hemezortzi eguneko bidaia baten abiapuntu eta helmuga. Hasierako asmoan bi ardatz tematiko neuzkan bidaia antolatzeko: konkista eta independentzia; Juan de Garayren ibilbidea eta San Martin jeneralarena. Gero beste bik hasierakoak erdiezkutatu zituzten: erreboluzioa(k) eta memoria. Baina goazen hasierara.

Lima. Juan de Garay eta San Martin. Konkista eta independentzia; bidaian lehenengo ardatzaren hasiera, eta bigarrenaren bukaera. Baina Juan de Garayk ez zuen hemen arrastorik utzi (nik ez dut ikusi), beraz atzerago joan behar dut; Francisco Pizarro. Markes eta gobernadorearen hilobia katedralean dago, Plaza de Armas-en. Limako planoa begiratzen dut eta nagoen hosteletik hara heltzeko, San Martín Plazatik igaro behar. Askatzailearen plazako erdigunean sartu aurretik, inguruko arkupetik buelta osoa ematen dut; bidaia luze baten hasierak urduritasuna eta beldurra sorrarazten dizkit, eta zebra pasabide baten beste aldean daukadan berehalako geroaldia une bat urruntzeko, babesa bilatzen dut arkupeetan.

Arkupeetako atari batean sartzen naiz, hainbat lekutarako pasabidea da. Bertan Martín Yépez “Lacraza” artistaren erakusketa iraunkorra aurkitzen dut: “Padres de la Plata. Pasadizo de los corruptos”. Agintarien irudiak modu ludiko eta umoretsuan erabiltzen ditu bere lanetan, publikoa kontzientziatzeko. Erakusketan asken hamarkadetan Perun agindu duten politikari asko ikus daitezke.
San Martín Askatzailearen plazako erdigunean sartu baino lehen eguneko egunkari bat erosten dut. Berri nabarmenenak ustelkeriari buruzkoak dira: parlamentuko indar erreakzionarioenak (gehiengoa dutenak) Vizcarra presidentearen kontra; honen nahia konstituzioa aldatzea da ustelkeria ahal den neurrian eragozteko. Bidaia hasi nuen egunean, irailaren 25ean, Nazio Erakunde Batuan erreferendum baten berri eman zuen; botazioa abenduaren 9an, nire bidaia bukatu baino bi egun lehenago. Baina irailaren 26an helmuga hori urrun daukat oraindik.

Bost egun geroago, Limatik urrun, irakurriko dut Lima, agian, ez dela existitzen.

Oharra: ez da hain urrun joan behar ustelkeriaz jabetzeko.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Viaje al románico de La Bureba

  Cuando enero empezaba a envejecer, atravesamos, desde el norte, la cadena de los Montes Obarenes por el desfiladero de Pancorbo. Nos diri...