2019/03/21

Che Guevararen ibilbidean (1)


Latinoamerika; bidaia baten hainbat zertzelada, irudi eta esteka (06)

Che Guevararen ibilbidean (1)
(2018 / 10 / 13)

Samaipatatik hiru garraio desberdin erabiltzen ditut Vallegrandera heltzeko. Hemengo plazako idazkun batean irakurtzen dut: “Gracias por nada y de nada…”. Lau mende lehenago Felipe II.ak “Nobles Hijos hidalgos del Solar” titulua eman zien hemengo biztanleei; ez du ematen eskertzeko daukatenik. Che Gevarari, aldiz, asko zor diote; erakargarritasun turistiko handia eman dio Vallegrande hiriari. Hala ere, gaur turismo zerbitzuek Alexi eta niri soilik egiten digute harrera. Alex gazte australiarra da; hurrengo egunetan bidaideak eta gelakideak izango gara.

Arratsalde osoa ematen dugu Che eta gerrillarekin lotura dituzten lekuetan. Señor de Malta hospitalean garbitegia eta gorputegia ikusten ditugu; hona ekarri zituzten gerrillarien gorpuak La Higueratik; Che Guevararena garbitu zuten, besteenak ez. Lekua ez da aldatu; ikusten dugun harraska eta 1967an ateratako argazkietan ikusten dena berbera da. Gorputegiaren ate inguruan, Che Guevararen irudiaz baliatuz, Latinoamerikako beste borrokak eta borrokalariak irudikatzen dira: El Ángel de la bicicleta, Plaza de Mayo-ko amak, sandinistak, Markos komandantea…

1967an Che eta berarekin hil zituzten beste sei gerrillariak hobi komun batean desagerrarazi zituzten, eta ezkutuan egon ziren 30 urtez; gaur, herritik kanpo, mausoleo bat dago hilobia izandako lekuan. Urrunago oraindik, lehen Boliviako armadak okupatzen zuen lurgune batean, beste hobi komun eta ezkutuetan hamar bat gerrillariren gorpu desagerrarazi zituzten militarrek.

Gidariak ondo betetzen du bere lana, baina pasiorik gabe, hoztasun handiz. Mausoleo ondoko museoko langileak, aldiz, gaua heldu arte hitz egiten du gurekin, eta gogo handiz erakusten digu berak denbora luzez bildutako material eta argazki ugari; museoko arduradunek ez dute hori ikusgai jarri. Libreago izateko hemendik alde egin nahi duen langile honek esaten digu:
–Vallegranden ez dago ezker alderdirik; eskuinekoak edo populistak dira guztiak.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Viaje al románico de La Bureba

  Cuando enero empezaba a envejecer, atravesamos, desde el norte, la cadena de los Montes Obarenes por el desfiladero de Pancorbo. Nos diri...