2019/03/22

Che Guevararen ibilbidean (2)



Latinoamerika; bidaia baten hainbat zertzelada, irudi eta esteka (07)

Che Guevararen ibilbidean (2)
(2018 / 10 / 15)

La Higuera. Autobusak utzi gaituen lekutik hamabi bat kilometro egin dugu oinez hona heltzeko. Casa del Telegrafista-n hartu dugu ostatua. Nire bidaideak, Alex, ez du afaldu nahi eta niretzat bakarrik prestatu dute afaria. Orain dela berrogeita hamaika urte Boliviako armadako ofizialek ere hemen hartzen zuten ostatu. Juan Lebras ostatu jabeak, lekua atontzeaz gain museo moduko bat bihurtu du; kandelen argitan, lehen bezala, argazkiz eta Che Guevararen eta gerrillaren gauzaz inguraturik bakardadean afaltzen dut.

Juan Lebrasek hamalau urte daramatza La Higueran, eta heldu zenetik gauza asko eskuratu du gerrilla ibili zen lekuetan: balak, kargadoreak, argazki kamerak, janari ontziak… Dena erakusten digu, eta solasaldia luzatzen da. Uste dut gerrillaren historiaz azalpenak ematen dituenean errealitatea errespetatzen duela; iruditzen zait ahaleginak egiten dituela bere interpretazio subjektiboa solasalditik baztertzeko. Dena dela, konfiantza gure artean hedatzen denean, Lebrasen erreboluzioaren aldeko hautaketa azaleratzen da:

–Borroka politizatzen denean eta sisteman parte hartzearen aldeko hautua egiten duenean, erreboluzioa bukatzen da.

Hona etorri eta Juan Lebrasekin hitz egiteko aukera ez izatea, La Higuera herriak eskaintzen dizun erdia besterik ez hartzea da. Herria, Che Guevararen monumentuak eta horma-irudiak eta museo bihurtutako eskola ikusten ditugu. Che eta gerrilla erakargarritasun turistiko bilakatu dira La Higueran; duela berrogeita hamaika urte hemengo biztanleek ez zioten eman Guevarari inongo laguntzarik. Horrela idatzi zuen bere egunerokoan: “La masa campesina no nos ayuda en nada y se convierten en delatores”.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Viaje al románico de La Bureba

  Cuando enero empezaba a envejecer, atravesamos, desde el norte, la cadena de los Montes Obarenes por el desfiladero de Pancorbo. Nos diri...