2019/03/13

Titikaka, nire bidaideen jainkosa


Latinoamerika; bidaia baten hainbat zertzelada, irudi eta esteka  (03)

Titikaka, nire bidaideen jainkosa

(2018 / 10 / 04)


Titikakako Isla del Sol. Inoiz ez dut izan gelarik hain ikuspegi ederrarekin. Iluntzean hodeiek uzten dituzte Boliviako Cordillera Realgo tontorrak eta Illampu (6.368 m) eta Ancohuma (6.427 m) agerian geratzen dira nire aurrean, oso urrun, Titikakaren ertza baino urrunago. Illampu: illa eta ampu; ampu: jainkozko espiritua. Gaur espiritu eta ikusezinak diren indarren artean ibili naiz.

Copacabana, goizeko 08:00etan. Goizegi heltzen naiz kaiera; goizago oraindik nire egun osoko bidaideak: ama eta alaba, bi emakume argentinarrak, eta berariaz kontratatu duten gidaria. Baimena eskatzen diet taldekide izateko. Isla de la Luna-ra heltzen gara eta berehala antzematen dut besteen bidaia guztiz espirituala dela. Gidariak oso ondo egiten du bere lana, baina erdi aztia edo xamana bada ere. Emakumeek bera nahi dute, ez beste inor.

Isla del Sol; Pilkokaina jauregiaren aztarnak. Gelatxo batean gidariak hitz hauek irakasten dizkigu Ama Lurrarekin eta Ama Urarekin (edo Ama Lakuarekin) bat egiteko; erritoa burutuz gero kemenak edo indarrak lortu edo berrituko ditugu:



     Pachamama, Mama Cota; Pachamama, Mama Cota.
     Inticani nocancani; Inticani nocancani.

Biribil batean, sorbaldetatik oratuta eta buruak elkartuta, hitzak hainbat aldiz abestu eta bueltak ematen ditugu. Eta emakume bidaideek beren ofrendak uzten dituzte hormako huts batean.

Gaua da. Amak eta alabak, antzinako nahia beteta eta Pachamamarekin bat eginda, argitasuna ondoko gelara beren barruan eraman dutela iruditzen zait.

Irlako hegoaldean nago, Yumani komunitatean; erdiko Challa eta iparraldeko Challapampa komunitateen arteko gatazkak ezinezkoa egiten du irla osoa bisitatzea. Irlako hiru komunitateek ez al dute Pachamama bera? Edo Urrezko Zekorrak, munduko jaungoiko boteretsuenak, Pachamama baztertu du?

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Viaje al románico de La Bureba

  Cuando enero empezaba a envejecer, atravesamos, desde el norte, la cadena de los Montes Obarenes por el desfiladero de Pancorbo. Nos diri...