2019/10/07

Buenos Aires (2). Krisialdia eta txirotasuna


Latinoamerika; bidaia baten hainbat zertzelada, irudi eta esteka (19)

Buenos Aires (2).
Krisialdia eta txirotasuna
(2018 / 11 / 08)

------------------
Beste egin beharrek —eta bidaia batek ere— urrundu naute blog honetatik hiru hilabete baino gehiago. Latinoamerikarako bidaiari buruzko azken sarrera 2019/06/14an jarri nuen hemen (16an gazteleraz); bidaia hasi nintzenetik urte bat igaro da, baina blog honetara ekartzeko idazten ditudan zertzelada hauei esker, bidaian jarraitzen dut. Ekainean utzi nuen lekuan segitzen dut.
------------------- 

(Montebideorako bidaian: aurreko lau egunetan Argentinako hiriburuan bizi izandakoaren proiekzioaren jarraipena).

Pertsonaia historikoak desagertu ziren muga zehatzik gabeko espazioan; aktore berriek hartu zuten lekua pantaila zehaztugabean, Garay eta San Martin desagerraraziz. Garaikideak izan ziren erreleboa hartu zutenak: langileak, manifestariak, txiroak, …

Hurrengo testua nire bidaia-koadernoan irakurri nuen, eta Río de la Plata zeharkatzen nuen bitartean berriro ere galdu nuen begirada zehetasunik gabeko zeruan, Buenos Aires-en ikusitakoa gogoetan.

 “Argentinak krisialdi ekonomiko gogorra jasaten ari da; garraio publikoa, elektrizitatea eta beste zerbitzu publikoak garestitzen dira, inflazioa gora eta gora doa… Horretaz guzti horretaz jabetzeko ez da Argentinan egon behar, urrutitik ere ondo informatuta egon zaitezke, beti ere zure informazio iturriak botere ekonomiko eta politiko neoliberalen menpean daudenetara ez badituzu mugatzen. Ez dakit norainoko lotura duten kaleetan ikusi dudanak eta Macrik bere egin dituen NDF-k ezarritako murrizketa gogorrek, baina Macri eta NDF guztien ahotan daude.
Buenos Airesko Microcentroko kaleetatik ibili naiz, eta hainbat leku bisitatu ditut. Astelehenean oso gune interesgarri batean egon nintzen: Zanjón de Granados; hantxe zegoen Juan de Garayk fundatu zuen hiriko hegoaldeko muga; hurbil Casa mínima ikusi nuen, hiriko etxerik estuena. Zanjón delako etxe bikain eta dotorean, 6 esklabo zeuzkaten XIX. mendeko bigarren erdian. Casa Míniman esklabo bat bizi omen zen. Batean, ugaritasuna; bestean, urritasuna eta pobrezia. Gaur egun kalean ikus daitekeena.
Microcentroko gune askotan ―kalean, kafetegietan eta saltokietan― arreta jartzen ez baduzu ez zara konturatzen txirotasuna agerian dagoela. Baina gero kalean bizi den jendeak, eta kaleetan manifestatzen diren langileek eta herritarrek, begi-bistan jartzen dituzte pobrezia eta herritarren haserrea eta ezinegona.
Ikusi dudan txirotasunak atzeraezina ematen du; pertsonak kale erdian botatako koltxoi zikinetan bizitzen, behin baino gehiagotan adin txikiko haurrekin; gazteak zaborrontzietako zaraman arakatzen papera edo kartoiak biltzeko, ziur aski lanagatik eskupeko bat lortzearren… Emakume bat, seme baten laguntzaz, eskatzen ikusi dut espaloi jendetsu batean; gizon batek diru-paper batzuk eman dizkio, eta haurrak irribarre argitsu eta xarmagarria egin dio amari, baina honek ez dio itzuli, eta bere aurpegian islatzen zen tristurak eta amore emate infinituak bere horretan diraute.
Manifestazio ugari ere ikusi ditut: hezitzaileek, garraiolariek, funtzionarioek, sektore guztietako langileek …, beren aldarrikapenak egiten zituzten elkarretaratze zein manifestazio handietan. Ikusi dudan luzeen eta jendetsuenean hazpegi andetarrak ugarienak ziren manifestarien artean.
Beste leku batzuetan entzunda nituen mezuak maiztu egin dira Buenos Airesen: “kontuz ibili”; “ez eraman agerian gauza baliodunak, lapurreta egin liezazukete eta”; “norbait hurbiltzen bazaitu galdezka, adi egon”... Taxilari batek, kaleko mintzakideek, ostatuko harreragileak…, guztien ahotan antzeko mezuak.
Arrakala ugari talde eta pertsonen artean.”

Nire arreta Buquebus-eko ontzigain erosora itzuli zen. Luxurik gabeko bidaia egiten ari nintzen, eta austeritatea zen nagusi; baina itsasontzi hartan pribilegiatua sentitzen nintzen, desberdintasunaren alde pribilegiatuan.

Desberdintasuna handitzen denean, desparekotasun hori eragin dutenek (eta haien ideologia erosi edo arduragabekeriaz balioa ematen diotenek), “kriminalitatea” izendatzen dioten zera hori ere gora doa. Horrekin ziurtasun ezaren pertzepzioa handitzen da, eta alde berean beldurra ugaritzen da. Sentsazio edo sentipen horiek —mesfidantza, ziurtasun ezaren pertzepzioa, beldurra— askotzen direnean, sarritan gauzatzen den arrisku bat dago: galtzaile askok menderatuak izan diren besteak errudunak egiten dituzte.

Pantaila zehaztugabean desagertu ziren aurreko egunetako oroimenak. Montevideora heltzen ari ginen eta itsasontziko kubierta itxi, eroso eta dotorean jarri nuen arreta. Lasaia, handia eta dotorea zen gela handi hartan, gogoratu nuen nire jarrera Buenos Airesko kaleetan. Entzundako aholku ugariek mesfidantza eta ziurtasun eza sortarazi zituzten nigan ere, eta kalean egoteko portaera ez zen ohikoa izan: motxila aurretik eraman (askok egiten zuten bezala); presaka ibili, nora joaten ez nekiela irudia ez ematearren; planoak begiratzeko bazter babestu bat bilatu; argazki kamara eskura ez eraman, eta erabili aurretik motxilako gainontzeko gauzak ondo gorde… Niretzat ere menderatuak susmagarri!

Bidaia-koadernoan idatzitako oharra:
 “Nire bidaia-koadernoan ikusten dudana idazten dut, baina ez diot begiratzen begiekin bakarrik, beraz inoiz ez dakit ondo begiratu diodan; ziur aski nire ondoan egon litekeen beste batek desberdin kontatuko luke. Dena dela hau da aurreko egunetan nik ikusi eta sentitu dudana”.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Viaje al románico de La Bureba

  Cuando enero empezaba a envejecer, atravesamos, desde el norte, la cadena de los Montes Obarenes por el desfiladero de Pancorbo. Nos diri...