Latinoamerika; bidaia baten hainbat zertzelada, irudi eta esteka (21)
Córdoba, Argentina.
Katedral eta udalaren artean, infernua
(2018 / 11 / 13 eta 16)Córdoba probintziako Memoria Museoaren sarrera Santa Catalina deitutako karrikan dago, San Martin plaza Obispo Trejo kalearekin lotzen duena. San Martin plazaren ipar-mendebaldeko alde osoa, katedralaren eta kabildoaren aurrealdeek betetzen dute. Bien artean karrika, eta bertan atxiloketa, tortura eta hilketa gunea izan zenaren sarbidea dago (CCDTyE: Centro Clandestino de Detención, Tortura y Exterminio D2). Kordobara heldu eta bere hala, Memoria Museoa bisitatzera joan nintzen. Sarrera ondoko lehenengo patiora heldu nintzenean, deigarria egin zitzaidan hondatuta zegoen adreiluzko horma bat; are deigarriagoa zergatia jakin nuenean.
Gune horretara ekarri zituzten pertsona asko desagertuak izan ziren, baina beste batzuk bizirik atera ziren. Ziegetatik tortura gunetara begiak estalita eramaten zituzten atxilotuak. Diktadura bukatu zenean, eta hainbat talde etengabeko borrokari esker (Abuelas de Plaza de Mayo, Madres de Plaza de Mayo, HIJOS, …), memoria berreskuratzeko eta gizarteratzeko ahaleginek fruituak eman zituzten. Córdoban, sarraski-gune horietako batean, diktaduraren krudelkeriak bistara daitezke.
Aipatu dudan hondatutako horma ez dago horrela denborak zaharkitu duelako; nahita hautsita dago, diktadurak ordaindutako torturatzaile eta hiltzaileen miseria morala eta etikarik eza erakusteko; are gehiago, diktaduran borreroak zuzendu eta babestu zituztenen moral ustela agerian uzteko, eta diktaduraren ondoren babestu edo desenkusatu. Izan ere diktadura ondoren eraiki zuten, leku hartatik bizirik atera ziren atxilotutakoek eta torturatutakoek, gunea ikuskatzera joanez gero, lekua ez ezagutzeko (gogoratu ziegetatik tortura gunetara begiak estalita eramaten zituztela). Hori ez al da errua aitortzea diktadura ondoren immunitateaz gozatzen jarraitzen zuten torturatzaile eta hiltzaileen aldetik? Ez al da esplizituki aitortzea bazekitela gaiztakeria osoz jokatzen zutela?
Horma hautsiaren ondoan epaitutako torturatzaileen argazki bat dago; aurpegi serioak eta itxura duina dute, jende zentzudunarena, gizatasun hitza bere adiera guztietan inoiz ulertu ez duten arren. “Escracheek” atxiloketak, gizateriaren aurkako epaiketak eta bizi arteko espetxealdiak ahalbidetu dituzte. Hala ere, justizia eskuzabala izan ohi da horrelako kriminalekin, eta batzuei etxeko espetxealdia ematen diete, batzuetan, eskarnio gehiagorako, euren biktimak bizi diren auzoetan.
Museoan ikusten denak ezin du ez hotz ez bero inor utzi. Bizpahiru aldiz hasi nintzen hizketan lekua bisitatzen zuten beste pertsona batzuekin; solasaldiek ez zuten luze iraun, eztarriko korapiloek eta negar-zotinek eten egiten zituzten berriketaldiak, eta gutariko bakoitza bere saminaz bestearengandik urruntzen zen.
Córdobatik alde egin aurretik Memoria Museora itzuli nintzen. Sarrerako ate gainean Santiago Maldonadoren argazki bat zegoen. Gazte hau ez zen desagertu diktadura garaian; 2017ko abuztuaren 1an ikusi zuten bizirik azken aldian, Fakundo Jones Huala buruzagi maputxea askatzeko protesta batean parte hartzen ari zenean. Gorpua bi hilabete eta erdi geroago agertu zen desagertutzat jo zuten ibaian, baina, harrigarria bada ere (?), desagertua izan zen lekutik ibaian gora. Gendarmeria inplikatuta egon zen.
Memoria Museoko sarreran polizia bat zegoen. Gizon batek galdetu zion ea nor zen argazkiko gaztea, eta zergatik zegoen eskegita kartel hori. Poliziak erantzun zion modu zakarrean:
–Galdeiozu berari!
Sartu nintzen eta berriro ikusi nituen argazkiak, torturatuen lekukotasunak, haien senideek autoritateei bidalitako gutunak seme-alaben eta neba-arreben berri eskatzen, autoritateen gezurrezko erantzunak, borreroek torturatuei ostutakoa; benetako borreroei edo borrero ideologikoei emateko, desagerrarazi aurretik atxilotuetako haurdunei lapurtutako seme-alabei buruzko informazioa, …
Memoriaren Artxibo Probintzialean lan egiten duen emakume batekin hitz egin nuen. Bere lana egiteko erresistentziarik edo zailtasunik ea aurkitzen ez duten galdetu nion. Kontra daudenak dagozela esan zidan, "eta gehiago orain", gaineratu zuen.
–Macri eta Cambiemos-gatik diozu? –galdetu nion.
–Beno, bai; eta orain Bolsonaro bezalako beste batekin, Latinoamerikan memoria galdegitea edo exijitzea ez da erraza izango, –erantzun zuen. Nik galdetzen jarraitu nuen:
–Hemendik bizirik atera zirenen lekukotasuna zailtzeko eraiki zuten horma horren argazkia egin dut; sarrerako polizia ikusten da bertan. Ez al da paradoxikoa polizia bat leku honetan?
–Bai, hori ere jasan behar dugu, poliziak torturatu eta jendea desagerrarazi zuen tokian, poliziak berak zaintzaz arduratzea. Baina memoriaren lekukoak babesteko sortutako talde berezi bat da.
–Gainerakoen balio berberetan heziak izango dira, ziur aski, –erantsi nuen. Eta neskak, hitz egin gabe, baieztapen keinu batekin erantzun zidan.
Museoa zer iruditu zitzaidan galdetu zidanean, hunkipenak zaildu zidan erantzuna, bihotza kolkoan nuelako.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina