Latinoamerika; bidaia baten hainbat zertzelada, irudi eta esteka (18)
Buenos Aires (1).
Juan de Garayrentzat helmuga, abiapuntu Jose de
San Martinentzat(08 / 11 / 2018)
Montevideorako bidaia Buquebus itsasontzi-konpainian egin dut. Buenos Airestik bi ordu eta erdiko bidaia izan da, oso itsasontzi erosoan, baina itxia. Leihate handiek inguratzen gintuzten sabaitik eta aldamenetatik; material garden horretan barruko eserlekuak eta nire irudia islatzen ziren, beraz kanpoaldeari ezin izan diot arreta handirik jarri. Ahalegin handiak egin behar izan ditut horma gardenaren beste aldeko Rio de la Plata argi ikusteko. Nire begitazioak barruko gauzen islaren eta kanpoko itsaso zehaztugabearen artean flotatu dira, noraezean. Igartzen nituen zeru urdin eta ur zikinen artean, aurreko lau egunetan Argentinako hiriburuan bizi izandakoak proiektatu ditut.
Igandean heldu nintzen Buenos Airesera. Hiriburuko Sarmiento kalean hartutako ostatuan gauzak utzi eta berehala, Paraná kaletik Corrientes etorbidera heldu eta Obelisco-raino joan nintzen. Sarmiento kalea hutsik zegoen, Corrientes, aldiz, lepo, eta denda eta saltegi guztiak irekita. Buenosairestar ugariek hartuta zeuzkaten Obeliscoren inguruko bazter guztiak; binaka edo talde txikietan, belarretan edo eserlekuetan, jaten edo hizketan…
Monumentuaren hegoaldeko gainazalean idazkun bat irakurri nuen, zegoeneko argindarrez argiztatuta: “SEGUNDA FUNDACIÓN POR JUAN DE GARAY XI DE JUNIO DE MDLXXX”. Nire bidaiaren lehenengo ardatzaren azken helmugan nengoen. Limara itzultzeko bigarren ardatzak (José de San Martin) hemen izan behar zuen abiapuntua, baina dagoeneko San Martín Garay baino ageriago egon da bidaia honetan. Eta ibilbidean nigan piztu diren beste ikusnahiak bi ardatz horiek baino ageriago egongo dira aurrerantzean.
Astelehenean Plaza de Mayo-ra joan nintzen, eta inguruetan Garay eta San Martín pertsonaien irudiak, oroimenak edo aztarnak bilatu nituen. Fundatzailea Parana ibaian hil zuten (Santa Fe eta Buenos Aires artean), eta desagertu zen, beraz oroigarriak besterik ezin dut bilatu. Askatzailea, aldiz, oso urrun hil zen, Normandian; hala ere bere gorpuzkinak Buenos Aires metropoliko katedralean daude.
Juan de Garayren estatua Casa Rosadaren iparraldean dago, gobernuko egoitzak inguratzen duen hesiari ia itsatsita, baina kanpoan. Gernikako arbolaren oinordeko batek Urduñan jaiotako konkistatzailearen irudiaren sorbalda babesten du. Garayk hiria fundatzeko rollo (edo zutabe) jurisdikzional deiturikoaren kokapena seinalatzen du. Ezin izan nuen saihestu argazki bat egitea, Nuevo Madero-ko eraikin moderno eta erraldoiak urduñar fundatzailearen aginduz sortzen zirela irudikatzeko. Baina fundazio hartatik laurehun urte baino gehiago igaro ziren Buenos Airesko auzo modernoena (eta behartsuentzat ezinezkoa) sortu aurretik.
Plaza de Mayo-ra irekitzen den katedralera sartu nintzen gero, San Martin jeneralaren ehorzlekua ikusteko. Sarkofagoa hilobi zabal eta garaiera handikoan dago, kapera bisitatuenean. Mausoleo gainean, garaiera helezinean, Argentinako banderak sarkofagoa babesten du, baina gorpua edo gorpuzkinak ez daude bertan, katafalkoaren behealdean baizik. Liberatzailearen gorpua 1880an heldu zen Buenos Aires-era, mausoleo eta sarkofagoa prest zeudelarik. Sarkofagoak behar adina leku zeukan gorpuzkinak bertan sartzeko; hala ere hilkutxa ireki zutenean lekualdaketa egiteko, gorpua momifikatuta aurkitu zuten, eta sarkofagoan ez zegoen lekurik bertan jartzeko. Beraz, hilkutxan utzita, mausoleoaren behealdean hobiratu zuten; horrela ere ez zegoen lekurik horizontalean jartzeko, eta inklinatuan jarri zuten.
Bisitari askorengan errespetu eta mirespen handiak antzematen nituen; beste askorengan oso nabaria zen leku entzutetsuen argazkiak biltzeko irrika; turistek hutsaren pare izango balira tratatzen zituzten San Martinen mausoleoa babesten zuten granaderoak, haien guardia jasanezina bihurtzeraino.
Asteartean San Martinen sablea ikusi nuen Historia-museo Nazionalean; hemen ere granadero bat dago denbora osoan guardia egiten; museoa itxita egon arren, soldadu bat omen dago (gauean ere bai, egia bada kontatzen dutena). Gelan sablea besterik ez dago, eta gelaren itxurak eta antolamenduak errespetu eta isiltasun handiagoak eragiten dituzte; alabaina argazki bildumagile askok, ezin diote muzin egin eskultura ematen duen soldaduarekin argazkia egiteari.
Museoa Lezama parkean dago. Bilatu gabe, parke berean aurkitu nuen Pedro de Mendozari egindako monumentua. Mendoza Buenos Aires-ko lehenengo fundatzailea izan zen, 1536an, Garayren fundazioa baino berrogeita lau urte lehenago. Mendozarena erabateko porrota izan zen, eta espainolak Rio de la Plata-ko ertzetan egindako lehenengo kokatze hark bost urte besterik ez zuen iraun. Hala eta guztiz ere, eta buenosairestarrentzat Garay inportanteagoa izanik, Mendozaren monumentua Casa Rosadatik hurbilean dagoen Garayrena baino apartagoa da.
Nor zen Juan de Garay?
Juan de Garayren jaioterriari buruz hainbat teoria eta liburu entzun eta irakurri ditut. Juanjo Hidalgok laguntza eman zidan ikasle talde batekin eskolaz kanpoko Juan de Garayri buruz lan bat gauzatzeko, eta Juanjori zor diot bidaia hau egitearen burutazioa; berak gomendatutako autoreak ere irakurri ditut. Irakurritako ia denak Garayren irudia goraipatzen du, edo konkistatzailearen jaioterri jakin bat aldarrikatzen du. Oraingo bidaian, informazioa bilatzean, web orri batekin egin dut topo: puntaquerandi.com. Esteka honetan hainbat lotura daude Juan de Garayri buruzko beste horrenbeste artikuluekin. Ikuspuntua guztiz kontrakoa da: Garayz arnegatu eta jatorrizko herriak eta beren buruzagiak aldarrikatu eta goraipatzen dituzte.
Esan ohi da ez dugula epaitu behar egungo ikuspuntuekin antzina gertatu zena. Eman dezagun horrela izan behar dela, baina zein ikuspuntutatik aztertu behar dugu gertatutakoa? Konkistatzaileen edo konkista eta errepresioa pairatu zituztenen ikuspuntutik?
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina