2019/04/01

Uyuniko gatz-lautada


Latinoamerika; bidaia baten hainbat zertzelada, irudi eta esteka (10)

Uyuniko gatz-lautada
(2018 / 10 / 20)

Uyuniko Gatzagak 10.500 km karratu baino gehiago ditu, gutxi gora behera Nafarroak bezala. Esaten dute munduko gatz-lautada jarraitua garaiena eta handiena dela.

Uyuni hiria basamortu lehor baten erdian dago; gainetik eguzkia edo izarrak, lurzoruan hautsa, eta aldeetatik haizea besterik ezin da heldu hautsa harrotzeko. Kanpotarrak ugariak gara; halaber, tabernek, jatetxeek eta gainontzeko negozio eta agentzia turistikoek agerian uzten dute hiriko jarduera ekonomiko funtsezkoena: turismoa. Dena dago prest hona heltzen garen gehienok ikusi eta miretsi ahal izan dezagun deigarria, ikusgarria eta neurriz gaineko gatz-lautada erraldoia.

Halabeharrez eratutako taldekidea naiz. Egun bakar bateko familia moduko bat gara; gehienek egiten dutena egiten dugu, baina indargabeko hari ikusezinek taldeen muga oso malguak iradokitzen dituzte. Talde batzuk homogeneoak dira: adinagatik, jatorriagatik, erabiltzen dituzten ibilgailu nabarmenengatik... Gurea heterogeneoa da oso: Buenos Aires-eko familia bat, Boliviako emakume bat eta bere alaba, Brasilgo bi neska, eta ni. Bete behar dugun liturgiak talde eta pertsona guztiak berdintzen gaitu: leku berberetara joan, argazki antzekoak edo berdinak atera… Hala ere, ez da batere zaila Uyuni Gatzagaren neurrigabetasunaz ohartzea, eta mugagabetasun horretan bakarrik sentitzea: ehun, berrehun, hirurehun metro urruntzen zara eta soinu guztiak desagertzen dira. Nik atzean utzi ditut; aurrean bakardadea eta infinitua besterik ez dut.

Erraldoia eta txundigarria da Uyuniko Gatzaga. Txundigarriagoa oraindik pentsatzen baduzu oin azpian 120 metro gatz eta lokatz daukazula, hamar edo hamaika geruzatan. Gatzaga honek garapen ekonomiko handia ekar dezake; Uyunin badago turismoa baino aberastasun handiago eragingo duen beste jarduera ekonomikoa, gero eta garatuagoa, gero eta atzerriko interes ekonomiko gehiago erakartzen duena: litio ustiapena.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Viaje al románico de La Bureba

  Cuando enero empezaba a envejecer, atravesamos, desde el norte, la cadena de los Montes Obarenes por el desfiladero de Pancorbo. Nos diri...