2019/04/10

Salta: Güemes eta memoria


Latinoamerika; bidaia baten hainbat zertzelada, irudi eta esteka (11)

Salta: Güemes eta memoria
(2018 / 10 / 23)


Salta probintziak (Argentina) bere hiriburuaren erakargarritasunak baino askoz gehiago eskaintzen dio bidaiariari edo turistari. Gehienetan gertatzen den bezala, hemen ere, gauza batzuk tinkoago finkatuko dira oroimenean; uste dut horietako bi, gutxienez, gogoratuko ditudala Salta izena entzutean.

Saltan ez dira falta San Martin jeneralaren oroitzapenak (nire bidaiaren ardatz bat), baina hemen Güemes gogoratu eta goresten da ororen gainetik. Güemes museoan sartzen naiz. Etxe honetan bizi zen Martin Miguel de Güemes, eta bertan ikusgai daude gizon honen bizitza eta independentziaren aldeko guden historia.

Güemesek posiblea egin zuen San Martinek lortutako Chile eta Peru-ko independentzia; bere gautxoekin Peru Garaian lan handia eman zion Espainiako armadari, koroaren indar militar ugari Santiagotik eta Limatik urrun mantentzen. Borroka honetan bizitza eman zuen. Erregearen indar militarrek hil zuten Güemes, baina aberkide baten edo batzuen laguntzarekin. Espainiako erregetzaren kontrako gudetan, independentziaren aldeko alderdi ezberdinen helburuak ez ziren berberak, bateraezinak izatera helduz; behin baino gehiagotan interes kontrajarriek gerra zibilak eragin zituzten. Güemesek ere bazeuzkan etsaiak Saltan.

Museoak Güemesen bizi-ibilbidea goresten du, nire ustez modu gehiegizkoan; hala ere, hunkituta ateratzen naiz denbora luze eman ondoren.

Katedralean sartzen naiz eta ezkerraldeko lehenengo kaperan Iparraldeko Pertsona Handien Panteoian (Panteón de las Glorias del Norte) Güemesen hilkutxak ohore-lekua hartzen du; bere emaztearena aurrean dago. Beste zortzi hilkutxatan beste pertsonen gorpuzkiak daude. Hamar pertsona hauen bizi-ibilbideek (Saltan jaioak gehienak) independentzia gudak irudikatzen dituzte; bakan batzuengan independentisten arteko gatazkak ere ikus daitezke.

Güemesen historia buruan San Martin parkeraino ibiltzen naiz. Parkean bi memoria nahasten dira: historikoa eta garaikidea; lekuaren izenak lehena irudikatzen du, etxerik gabeko atari batek bigarrena. Memoriaren atariak azken diktaduraren kontrako borrokalari garaikideak gogoratzen ditu, batez ere Masacre de Palomitas deitutako sarraskian hildakoak.

2018ko maiatzaren 10an monumentua eraso eta kaltetuta izan zen. Memoria, egia eta justizia eskatzen da oroimenezko atarian. Ematen du diktaduren aldekoek nostalgiaz oroitzen dituztela errepresio garaiak. Zeren kontra daude? Memoria, egia edo justiziaren kontra? Hiruren kontra?

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Viaje al románico de La Bureba

  Cuando enero empezaba a envejecer, atravesamos, desde el norte, la cadena de los Montes Obarenes por el desfiladero de Pancorbo. Nos diri...