Latinoamerika; bidaia baten hainbat zertzelada, irudi eta esteka (12)
San Miguel de Tucuman(2018 / 10 / 26)
Tukuman hirian independentziaren guden oroimenak edonon daude. Hiriko plano bat begiratu eta gerra horien historia begi aurrean lehertzen zaizu: gudaldiek, gudetan aritu zirenen pertsona itzaltsuek, gobernariek, … izenak ematen dizkiete kale, plaza, parke eta eraikin guztiei. Argentinarren hiri historikoa izendatu dute, eta hirian historiari buruzko kontaezinezko paneletan lelo hori errepikatzen da.
Saltan Güemes gailentzen da heroi guztien artean; San Miguel de Tukuman hirian, Belgrano. Bere izena duen plazan jeneralaren brontzezko estatua nabarmentzen da; idulkian testu hau irakurri daiteke: “La Patria a su defensor en Tucumán”. Esaldiak Tucumango gudaldiari egiten dio aipamena[1]; 1812an Provincias Unidas del Rio de la Plata-ko gobernuak Belgrano izendatu zuen Iparraldeko Armadako komandanteburu. Honek, Buenos Aires-ko agintari politikoei men eginez, Peru Garaian erregearen armadari aurre egin gabe Saltatik atzera egin zuen Cordobarako bidean. Tucumango ausartek, ordea, eskatu zioten bertan borrokatzea; Buenos Aires-ko Triunbiratuak agindutakoari desobeditu eta aurre egin zion etsaiari, eta oso nahaspilatsua izan zen gudaldian erregetzaren armada menderatu zuen.
2014an Decididos de Tucumán plaza inauguratu zuten, San Martin enparantza ondoan. Bost plaka zeharrargiko monumentu modernoan gudaldia irudikatzen da; irudien artean Belgranoren erretratua nabarmentzen da. 2012an, Tucumango gudaldiaren berrehungarren urteurrenean Belgranoren etxea inauguratu zuten. Etxe ondoan, horma-irudi luze batean, eta Belgrano protagonista, 1812ko gertaerak irudikatzen dira. Gautxo baten inguruan Hego Amerikako hamar banderek askatzaileen ametsak aditzera ematen dituzte: Hego Amerikako askatasuna eta batasuna; lehenengoa (Espainiako erregetzatik askatzea) gauzatu zen; bigarrena ez.
Historia horiek guztiek eta berrehun urte honantzago borrokak beste mota batekoak dira. Kanpotik ezarritako eta Macriren gobernuak bere egin dituen neurrien kontra dira. Nirekin hitz egiten duten guztiak, salbuespenik gabe, NDF (Nazioarteko Diru Funtsa) eta Macriren kontra daude, gehienetan gorrotoraino. Tukumango kale komertzial batean aktibista talde batekin hitz egiten dut.
–Troskistak? Lau troskista elkarrekin?, galdetuko diozu zeure buruari –esaten dit taldeko emakume batek.
Mobilizazio ugari daude. Irailaren 25ean greba bat egon zen; 48 orduko beste greba orokorraren deialdia airean dago. Aktibista hauek ez dira fidatzen, eta CGT eta CTA sindikatuei galdegiten diete grebarako deia berehala egiteko eta gobernuarekin akordioetara ez heltzeko. Egun batzuk geroago egunkarietan konprobatuko dut mesfidantza hori arrazoizkoa zela. Lehengo askatzaileen bigarren ametsa, batasuna, ez zen bete; gaurko borrokalarien artean ere ez.
[1] Esteka bideo batena da, 6 atal dituen Tucumango gudaldiaren bideo-sail baten lehenengoa: https://www.youtube.com/watch?v=tfNJPBbIh4c,
https://www.youtube.com/watch?v=zj3gxuOVhIU,
https://www.youtube.com/watch?v=KtRRmTDzydI,
https://www.youtube.com/watch?v=QxOIxt0jBmk,
https://www.youtube.com/watch?v=HSU5BWveyAk,
https://www.youtube.com/watch?v=2T7HYBCcKR0.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina