2019/04/23

Santa Fe Zaharra-rako bidean

Latinoamerika; bidaia baten hainbat zertzelada, irudi eta esteka (13)

Santa Fe Zaharra-rako bidean
(2018 / 10 / 28)


Lau egunez geratu nintzen Santa Fe hirian, horietako bat Santa Fe eta Parana hirien arteko ibilbide batean. Elianaren laguntza atseginarekin (nire lagun Martinaren laguna) eta bere gidaritzapean, Parana ibaiaren azpiko tuneletik bi hiriak lotu nituen. Baina hemen, edo inguruetan, nire hasierako bi bidaia-ardatz elkartzen ziren: Juan de Garay eta San Martin pertsonaien ibilbideak.

Santa Fe. Heldu berria naiz eta denbora galdu gabe Cayastá herriraino autobusez noa; Santa Fe Zaharra ikusi nahi dut, Juan de Garayk fundatu zuena. Bidaiak ordu bat eta erdi irauten du.

Nire ondoko eserlekuan emakume gazte bat dut bidaide eta mintzaide. Mintzagaia Argentinako egoerari buruzkoa da gehienbat. Eguneroko mintzagai berbera guztien ahotan: inflazioa eta horrek eragiten duen txirotzea, NDF-k (Nazioarteko Diru Funtsa) ezarritako neurriak, Macriren neurrien onarpena, …. Hala ere, ez dago adostasunik ez errudunak izendatzean ez irtenbideak proposatzean. Ez dakit emakume gazteak –pobrea eta elbarritasun fisiko batekin hura bera– argi duen gaurko koiunturaren jatorria. Oso manikeo ematen du bere berbaldiak; bere irudizko alde onari lazgune guztiak kentzen dizkio on perfektua bihurtzeko; alde txarrek, aldiz, ez ditu moldatu behar, ez daukate zirrikitu onik berarentzat.

Hau da gure arteko solasaldiaren une bat:

–Esaten dute lehengo presidenteak lapurtu zuela, baina nor ez du probetxu atera boterera heltzean? Gutxienez laguntzak ematen zituen, eta noizbehinka gauzak garestitu arren, ez zen egunero gertatzen orain bezala –esaten du berak. Solasaldi osoan ez du aurreko presidentearen izena aipatzen.

–Datorren urtean hauteskundeak egongo dira. Ikusten al duzu hautabiderik? –galdetzen diot. Berak berehala eta inongo ezbairik gabe erantzuten du:

–Armada!

–Armada gobernuaren jabe egin zen iraganean; begira zer gertatu zen diktadura bitartean.

–Bai, baina Armadan badago jende zintzoa ere, eta egin zuten guztia ez zen txarra.

Emakumea agurtzen dut, eta Cayastá herritik kilometro eta erdi lehenago uzten dut autobusa Santa Fe Zaharra ikusteko. Emakume gazteak urrunago bidaiatzen du, agian bere elbarritasun fisikoak galarazten dion amets batean pentsatzen: polizia izatea.

Santa Fe Zaharra lautada berde eta eder batean dago, San Javier ibaiaren ertzean. Ibaiak (lehengo izena: Quiloazas) Juan de Garayk 1573an fundatu zuen hiriaren zati handi bat desagerrarazi du. Dena iruditzen zait ikusgarria, baina Santa Fe hirira itzulian, gaua jadanik, San Frantzisko eliza barruko hilerria ez dut bururik kentzen. Hor geratu ziren 300 urtez ahaztuta Santa Fe Zaharrari bizitza eman ziotenak, bertan hilobiratuak. Jeronima de Contreras, Juan De Garayren alaba, eta bere senarra Hernadarias de Saavedra ohorezko lekuan lurperatu zuten, gero mende batzuetan ahaztuta egoteko.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Viaje al románico de La Bureba

  Cuando enero empezaba a envejecer, atravesamos, desde el norte, la cadena de los Montes Obarenes por el desfiladero de Pancorbo. Nos diri...