Latinoamerika; bidaia baten hainbat zertzelada, irudi eta esteka (16)
Euskal astea Mar del Plata hirian(2018 / 11 / 01)
Goizean Mar del Plata hirira heldu naiz. Entzun eta ikusi dudana ez nuen espero.
2018ko azaroaren lehenengo eguna, osteguna, bidaiaren hogeita hamazazpigarrena. Bart gau osoa iraun du Santa Fe eta Mar del Plata hirien arteko bidaiak; hamabi edo hamahiru ordu. Autobusa erosoa zen, gaua luzea. Esnatzean, helmugatik urrun oraindik, gaua atzera egiten ari zen, eta ordoki erraldoi baten erdian geundela ikusi dut.
Aurtengo Argentinako euskal etxeen astea Mar del Platan da; hori da hona etortzearen arrazoi bat; bestea, Juan de Garay honaino heldu omen zelako, Buenos Aires fundatu ondoren beste hiri bat fundatzeko asmoz; baina nire bidaian Juan de Garay den ardatza lausotzen ari da, nahiz eta honaino ibilbidearen norakoak xedatu.
Belgrano kalean hartu dut ostatu. Ondoko kalean (Moreno) Denak Bat euskal-etxea dago; hara heltzeko hainbat cuadratan barrena ibili naiz. Aldamio batek estaltzen du euskal etxeko aurrealde osoa, eta xingola zuri-gorri batek sarrera babesten omen du; margolariek fatxada atontzen dute, beste langile batzuek atetik eraikuntza tresneria ateratzen… Astearen inguruko ekitaldiak duela egun batzuk hasi dira, baina bi egun barru, larunbatean, munta handikoenak jazoko dira, eta Lehendakariak parte hartuko du. Hiriko euskal etxea atonduta aurkituko du.
Plastikozko xingola zuri-gorria altxatu dut eta kontu handiz sartu naiz euskal egoitzan. Sarreran gipuzkoar emakume batek harrera egin dit. Solasaldia luzatu da. Emakumea Argentinan bizi den egoeraz biziki kexu ikusi dut. Honek ere argi dauka erruduna nor den:
–Errudunak mantentzen ari garen alfer horiek guztiak dira!
Horrekin bere protestekin kaleak ixten dituztenak aipatu ditu. Honek Santa Fe hiriko remiseroak ez bezala ez du negro hitza erabili; gaitz erdi! Solasaldiko beste esaldi batek ere harritu nau; Argentinako egoeraz ari ginenean zera esan du:
–Nire aitak esaten zuen bezala, beste Franco batek etorri behar luke.
Cayasta-rako bidaian nire bidaidea izan zen emakumea gogorarazi dit; ugariak izango dira horrela pentsatzen duten argentinarrak?
Euskal etxetik Colon plazara joan naiz. Erdigunea zeharkatu dut eta ez ditut ikusi “mantendu behar ditugun alfer horiek”.
Arratsaldean San Martin plazara abiatu naiz; bertan Gernikako Arbolari eta San Martin askatzaileari omenaldi bat zegoen antolatuta. San Martin jeneralaren estatua nabarmentzen da plazan, baina bere inguruan ez dut ezer antolaturik ikusi, inongo euskal talderik ere ez. Txistu baten hotsa entzun dut; plazako alde baten zuhaitzen azpian ikurrina eta Argentinako bandera begiztatu ditut, hogei bat pertsonez osatutako talde bat zegoen inguruan. Ekintza xumea eta gutxi antolatuta iruditu zait. Hurbiltzean Eusko Legebiltzarreko dozena-erdi parlamentari ikusi dut.
Denak Bat-eko lehendakariak hitz batzuk esan ondoren emakume gazte batek idatzi bat irakurri du. Gero Gernikako Arbolari lore eskaintza egin diote. Loreak nork eraman dituen ikustean begiak igurtzi behar izan ditut; nork eta Carmelo Barriok, Gernika sarraskitu zutenen oinordeko ideologiko bat!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina