2019/05/01

Beltzak Santa Fe hirian


Latinoamerika; bidaia baten hainbat zertzelada, irudi eta esteka (14)

Beltzak Santa Fe hirian
(2018 / 10 / 28)


Euskal Etxe batzuen helbide dakart idatzita nire koadernoan. Asko dago Argentinan, eta, nire ibilbidean, Santa Fe hirian aurki dezaket lehenengoa. Informazioa bilatzen dut internet-en eta ez dut topatzen ezer eguneratuta. Denbora gehiegi galdu gabe bi edo hiru web-orri kontsultatzen ditut kalera atera baino lehenago; batean pelikula bati buruzko informazioa aurkitzen dut: La Pelota Vasca. Hiriko planoaren laguntzaz nire ostatutik abiatzen naiz daukadan “Gure Etxea” euskal etxeko helbidera. Lekuaz galdetzen dut eta jakinarazten didate hogeita hamar cuadra baino gehiago igaro behar ditudala heltzeko. Urrunegi. Remis bat hartzen dut joateko.

Heltzean inongo argibiderik gabeko etxe bat aurkitzen dut, itxita. Txirrina pare bat aldiz jo eta ez dut erantzunik lortzen. Agian beranduago irekiko dutela pentsatzen dut. Remis berean itzultzen naiz erdigunera. Remiseroa ez da isiltzen; hura bera da nik nekez eten dezakedan bakarrizketako gaia. Ereduzkoa ikusten du bere burua. Lan egin duenari eta lortu duenari buruz hitz egiten dit; bizitza onargarri bat eraman duela,eta familia on bat ere izan duela, seme-alaba batzuek osatuta, guztiak ezkonduta eta lanean daudela... horrek guztiorrek zalantzarik gabeko konklusio bat dauka berarentzat:

–Argentinan nahi duenak bizimodua ateratzen du.

Egunero entzuten dudan aholkua ematen dit: “kontuz ibili”. Ez da inoiz esaera arrunta, esan gabe doa beti lapurretekin kontuz ibili behar dudala. Remiseroak urrunago doa , eta esaten dit nork ostu liezadakeen: beltzek.

–Beltzak? –galdetzen diot ordaintzen diodan bitartean.

–Bai. Begira, bazter horretan bi daude; kontuz ibili.

Nik ez dut beltzik ikusten. Beranduago ulertuko dut Elianaren azalpenekin. Gehienetan klasista da hitz horren erabilera, arrazista baino, eta iritzi eta konnotazio txarrak gehitzen zaizkio. Remiseroarentzat Argentinak pairatzen duen egoeraren errudunak txiroak, alferrak eta gaizkileak dira, hau da: beltzak. Hori bai, gizonak ez du erabili gogorragoa den eta maiz erabiltzen den esamoldea: negros de mierda.

Arratsaldean, Parana hiritik bueltan, ibilbide luzea egiten dut Gure Etxeak zuen helbideraino. Orain atea irekita dago. Emakume batek alde egiten ari diren pertsona batzuk agurtzen ditu, eta berarekin hitz egiten dut; Catalina Villanueva du izena. Bera eta bere senarra izan ziren “Gure Etxea” zuzentzen zutenak. Hala ere, lan eta familiako eginbeharrengatik, eta euskal etxeko jarduerak antolatu eta aurrera ateratzeko laguntza handirik ez izateagatik, itxi zuten. Barrura gonbidatzen naute atea ixteko.

Catalinaren aita euskalduna zen, ama Siriakoa; senarraren ama euskalduna, aita italiarra; ni heltzean alde egiten ari zen ilobaren gurasoak euskalduna bata eta suitzar bestea. Belaunaldiak aurrera egin ahala Euskal Herriarekiko loturak moteltzen dira, baina beti egongo dira harro kultura-arragoako familia izateaz.

Etxeak ia beti itxita dagoen burdinazko atea du, eta burdinesiak leihoetan. Ondoko etxetako itxituren goialdean kristalak ikusi ditut sarbidea galarazteko; kontzertinak ere ikusi ditut bidean. Esaten didate giltzapean daudela gero eta delinkuentzia gehiago dagoelako. Argentina krisi larrian murgilduta dago; izugarrizko inflazioa dago, NDF-k ezarritako murrizketa gogorrak Macrik bere egin ditu, bizitza etengabe garestitzen da, … Nire anfitrioiek ulertzen dute desberdintasuna handitzen denean, kriminalitatea ere gora doala. Baina ziurtasun ezaren pertzepzioa ere handitzen da, eta horrekin beldurra.

Berandu da etxetik alde egiten dudanean. Catalinak eta bere senarrak kontuz ibiltzeko gomendatzen didate. Autobusez itzuliko naiz ostatura; argi azaltzen eta errepikatzen didate non jaitsi behar dudan arriskurik ez jasateko, eta autobus barruan egon arte laguntzen naute.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Viaje al románico de La Bureba

  Cuando enero empezaba a envejecer, atravesamos, desde el norte, la cadena de los Montes Obarenes por el desfiladero de Pancorbo. Nos diri...