Latinoamerika; bidaia baten hainbat zertzelada, irudi eta esteka (15)
Ospearen Zelaia(2018 / 10 / 30)
San Martin jeneralaren Zaldun Granadarien Eskuadroiak ospea irabazi zuen San Lorenzon, Santa Fe probintzian. Eskuadroiaren lehenengo gerra ekintza izan zen, eta bertan hildakoek ez zuten ospea dastatu, baina agian, bai betirako loria bereganatu. Gudaldiak ere behar-beharrezko bihurtu zuen San Martin independentzia guduan.
Historia liburuetan eta San Martin jeneralaren biografia batzuetan irakurriak nituen San Lorenzoko guduari buruzko informazioa eta deskribapenak, baina inoiz ez nuen irudikatu borroka hura Ospearen Zelaia eta inguruak ikustean imajinatu dudan bezala.
Santa Fe probintziako hiri honetara heldu eta berehala, gudua gertatu zenetara hurbiltzen naiz. Ospearen Zelaia zeharkatu eta Parana ibaiaren ertzeraino noa. Lur ordoki baten bukaeran ur ordoki baten hasierarekin egiten dut topo. Baina ura, Parana ibaia, hogei metro beherago daukat. Lur eta ur ordokien artean hamabost edo hogei metroko malkar bat dago: La Barranca.
Hortik, ibaitik, eta La Barranca gainditzen, Espainiar koroaren armada goialdera heldu zen. Oso hurbil, San Carlos frantziskotar komentuaren atzean gordea zegoen San Martin koronela –jenerala artean ez zen– eratutako granadarien eskuadroia. Bi erreskadatan banatuta eta maniobra inguratzaile baten bitartez, ustekabean harrapatu zuten koroaren armada; gudaldiak ordu laurden bat iraun omen zuen; hala ere, gudualdi hau Zaldun Granadari Eskuadroiaren suzko bataioa izan zen. Berrogei soldadu espainiarrek galdu zuten bizitza; hamasei izan ziren independentziaren aldekoen artean, hamalau borrokan bertan eta bi gehiago Ospearen Zelaian jasotako zauriengatik.
Gudaldia 1813ko otsailaren 13an izan zen, San Martinentzat Argentinan egindako lehenengo eta gudualdi bakarra. Lau urte geroago jeneralaren armadak Andeak zeharkatu zituen Txile eta Peru askatzeko; San Martinek Mendozan eratu zuen armada askatzaile hura.
Mendoza urrun geratzen da oraindik niretzat. San Carlos komentuan dagoen historia-museora noa. Bertan San Martinek eta San Lorenzoko gudaldiak espazio nabaria hartzen dute. Jeneral askatzailearen historia jarrai daiteke hainbat diorama ikusgarritan. Gune xumeago batean gudaldian hildako soldadu abertzaleen gorpuzkiak daude. Bizirik atera zirenek ez bezala, hauek ez zuten garaipena dastatu, ez zuten independentzia ezagutu; baina bizirik atera ziren soldadu arrunten izenak ez bezala, huenak ezagutzen ditugu, nahiz eta beti beste pertsonaia ospetsuen itzalpean ikusi. Itzal horrek ikusezin egiten ditu gehienetan.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina