Latinoamerika; bidaia baten hainbat zertzelada, irudi eta esteka (17)
Urkullu Lehendakaria, gatazka eta oroipena(2018 / 11 / 04)
Buenos Aires-eranzko bidaia
Aurreko autobus bidaia baino laburragoa izan da Mar del Plata eta Buenos Aires artekoa, bost bat ordu eta erdikoa, eta egunez egin dut. Bidaian orain direla egun batzuk txunditu ninduen paisaiak oraindik harritzen nau. Zabaltza amaigabe batetik ibili da autobusa. Zelai berde eta mugagabean bazkatzen zuten behiek, zaldiek eta ardiek; urpetutako eremu batzuetan behi eta zaldi batzuei belaunetaraino heltzen zitzaien ura, batzuetan triparaino. Zikoinek, lertxoin zuriek, ahateek eta beste hegazti urtarrek osatzen zuten ageriko fauna. Batzuetan zuhaizti txikiek jaspeztatzen zuten zabaldi infinitua; noizbehinka, oso urrun, hodeiertzean, zuhaitz lerro ia ikusezinek muga jartzen zioten panpa berdeari. Nik, pantaila berde, urdin eta bukaezin hori aurrean nituelarik, azken egunetakoa ikusi eta bizitakoan arreta jarrita egin dut bidaia.Atzo, larunbata, euskal astearen egun inportanteena izan zen. Arratsaldean euskal taldeek Mar del Platako kaleak alaitu zituzten musikaz, danborrez eta barrilez. Iluntzean Argentinako euskal etxe guztietako dantza taldeek emanaldi bat eman zuten Teatro Radio City antzokian. Nik ez neukan voucherik, baina hirira heldu nintzenean ezagutu nuen gasteiztar bati eta bere emazte argentinarrari esker antzokian sartzea lortu nuen; emakume arduradun batek argi utzi zidan berak nirekiko egiten zuena salbuespen bat zela.
Hainbat dantza taldeek oso ikuskizun originalak eta kalitate handikoak eman zituzten.
Urkulluren hitzaldia
Baina Buenos Aires-eranzko bidaian burutik kendu ezin dudana atzo goizeko Urkulluren hitzaldia izan da. Argentina diasporentzat hitz egin ordez Espainiako (bai Espainiako) entzuleentzat egiten zuela iruditu zitzaidan. EAJren hurrengo urteetarako egitasmo zerrendaren puntuak banan-banan aurkeztu zituen, Eusko Legebiltzarreko presente zeuden gainontzeko alderdien parlamentarioei muzin eginez, ez ba zen Espainiako alderdietako ordezkarientzat otzana izateko.Autogobernuari buruz behin eta berriz errepikatu zuen ideia berbera: ezberdinen arteko barruko adostasuna eta espainiar estatuarekin ituna derrigorrezkoak direla. Baina erabakitzeko eskubideak garatze aldera, ez zuen aipatu, ezta gain-gainetik ere, espainiar estatuarekin adostea zein zaila den –oztopo gaindiezina dela esango nuke–. Gehitu zuen erreferenduma egitekotan “legala eta itundua” izan behar dela.
Noizko erabakitzeko eskubidearen gauzatzea? Kataluniakoa ikusita, dena etorkizun utopikorako? Aipatu gabe, baina Kataluniako erreferenduma gogoan zegoen, eta pertsona batek galdetu zion:
–Kataluinako esperientziatik, zer konklusioa atera behar du Euskal Herriak?
Galdera ez zitzaion gustatu Urkulluri, eta zakarrez erantzun zuen:
–Galdera itzuli diezazuket; zer konklusioak atera behar ditu Kataluniak Euskadiko esperientziatik?
Euskal presoei buruz ere galdetu zioten. Gai honetan bere aburuz zeintzuk izan behar diren lehentasunak argi utzi zituen; lehenengoa: terrorismoak eragindako biktimei guztizko errespetua; bigarrena: espetxe-politikaren aldaketa. Bigarren honetan sakabanatzea eta urruntzea bereizi zituen; eta balizko zalantzak baztertzearren hau gehitu zuen hitzez hitz: “ez dugu planteatzen presoak askatzea dagozkien zigorrak bete gabe”.
Etorkizun utopikorako arazo hau ere?
Elkartze atsegina
Zabaltza erraldoia zeharkatu dudan bitartean beste oroimen atseginagoak nekartzan. Ostiralean Gustavo eta Claudine (nire lagun Martinaren lagunak) izan ziren nire anfitrioiak; haiekin eta Iñakirekin (Martinaren semea) konpartitu nuen zazpi edo zortzi orduko elkartze oso atsegina.Gustavok eta Claudinek asko bidaiatu dute, eta Amerika, Afrika eta Europako hainbat lekutan bizi ere. Solasaldi bat Gustavorekin bukaezina izan daiteke, ez soilik bere eskarmentu luze eta zabalagatik, baita bere solaskideenak entzun eta balioesten dituelako ere. Harekin egoteak nire bidaiaren ardatzak zabaldu zituen.
1976 eta 1983 urteen arteko diktaduran desagerrarazi eta torturatu zuten, eta gero kartzelaratu. Gure solasaldian ez genuen gai hori jorratu, gaia ez zen agertu; baina arratsaldeko ibilaldian, etxe baten aurrean igarotzean, hitzetik hortzera atera zitzaion:
–¡Aquí vive un despreciable torturador!
2008 eta 2016 bitartean epaiketa ugari egin ziren Argentinan gizateriaren aurkako delituak zigortzeko; errepresioan parte hartu zuten militar, polizia eta zibilen kontra 921 epaiak eman zituzten, askorentzat bizi guztiko espetxea. Urteak eta urteak pasatu ziren diktaduraren krimenak epaitzea posiblea izateko; askoz gutxiago igaro dira gupidarik gabe torturatu eta hil zutenek botere judizialaren gupida eskuratzeko; dagoeneko bizi guztiko espetxeratuak izan ziren hainbatek etxe barruko atxiloketa lortu dute.
Gurean torturatzaileek ez dute gupidarik behar; agian dominaren bat lortu lezakete.
Bidaiari ardatz berri bat gehituko diot: oroipena.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina