Bidaiatzea, adiera sinple eta apaingarririk gabean, leku batetik urrun dagoen beste batera mugitzea besterik ez da. Eta bidaia lekualdaketa hori egitea da soilik.
Bidaia hitzetik gertuen dagoen sinonimoa desplazamendu izan daiteke. Baina gizakioi, animalia sozialak izan arren, asko gustatzen zaigu espezieko gainontzeko kideengandik bereizten gaituzten alderdiak markatzea. Uste dut hori dela bidaiari hitzak sinonimo ugari izatearen arrazoietako bat: bidaiari, txangozale, erromes, abenturazale, esploratzaile, turista, emigrante...
Bidaiatzen duen pertsona adjektibatzeko balio duten sinonimoetako bi bidaiari eta turista dira. Beren burua bidaiaritzat duten pertsona askorentzat ‘turismoa egitea’ ‘bidaiatu’ hitzaren antonimoa da.
Ezin dut ukatu nik ere askotan pentsatu dudala gauza bera luzaroan. Baina 2018ko irailean Latinoamerikan hilabete batzuetako bidaia bat hastera nihoala, Miguel Espigado idazlearen artikulu bat irakurri nuen: “¿Te crees un viajero? Pues eres un turista”. Aholkuak ematea harrokeriaren adierazle txiki bat ez balitz, irakurtzea gomendatuko nuke. Nik irakurri nuen eta bidaia gutxi gorabehera planeatuta neukan bezala egin nuen, baina hasi aurretik nire itxaropenak aldatu egin ziren, eta eginak nituen idealizazioetako batzuk ez ziren nirekin joan.
Orain bizikletan egindako beste bidaia batetik itzuli berri naiz (Baiona – Nantes - Mont Saint Michel – Roscoff - Redon).
Nire bidaia-egunerokoa errepasatu eta egindakoa baloratzeko esertzen naizenean, aipatu dudan artikulua gogoratzen dut, eta behin baino gehiagotan erabili dudan Chestertoni egotzitako esaldi bat ere: «Bidaiariak ikusten duena ikusten du, turistak ikustera etori dena ikusten du». Eta ez dakit turista, bidaiari, ez bata eta ez bestea edo biak alde berean izan naizen. Ezeri uko ez egitera eta biak batera izan naizela pentsatzera jotzen dut.
Gogoan ditut bidaia-liburu batzuk ere, halaber, Javier Reverterenak (Corazón de Ulises, Vagabundo en Áfrika, ...) eta Julio Llamazaresenak (El río del olvido, Trás os Montes, Las rosas de piedra, ...). Biek giza eskalako bidaiak kontatzen dituzte, eta bidaia horiek egiteko interesa duen edonork egin ahal izango lituzke; bidaia horiek egiteko behar den prestakuntza bakarra erabakia hartzea besterik ez litzateke izango. Ikusten dutena kontatzen dute biek, eta bidaiatzen dute mundua haiengana egokitzea espero gabe. Llamazaresenak bereziki gustatzen zaizkit, etxetik aterata has daitezkeen bidaiak direlako. Beti gogoratzen ditut hauek nire bidaia-egunkarietan idazten dudanean.
Nire bidaiara itzuliko naiz. Horrela ulertzen dut Miguel Espigadoren artikulua: bidaiari izateko, ez zenuke lagundu beharko igarotzen dituzun tokiak alda daitezen zure gogoak betetzeko. Eta Chestertonen arabera turista izateko ikusi beharko zenuke ikusi behar dena. Bi ideiak nahastu eta neure burua engaina dezaket benetako bidaiaria naizela pentsatuz: igarotako lekuak ez nituen aldatzen lagundu, eta ez nuen turistak ikusi behar duena ikusi. Baina errealitatea beste bat da.
Lekuak eraldatzen ari direla bidaiariari egokitzeko esaten du Espigadok, eta hori dela plazer-bidaiak eraldatzen ez gaituela erakusten duen frogarik onena, mundua baita guri egokitzen zaiguna, eta ez alderantziz. Igaro ditudan leku asko hain daude urtaroko turismora egokituta, ezen uda amaitzen denean jenderik gabe geratzen baitira. Haietako askotatik igaro nintzenean, haien ostalaritza-zerbitzu ugariek begibistan zeuzkaten turistak erakartzeko erreklamu guztiak, baina, bat-bateko ihesaldi handia gertatu balitz bezala, ez zegoen inor balizko bisitariari harrera egiteko. Pentsa nezakeen leku horiek eraldatzen ez nuela laguntzen nire nahi eta beharretara molda zitezen, hauek asetu ere ezin izan bainituen egin. Baina ezin dut ahaztu azken udan haietako baten batean egon nintzela turistentzat aukeratutakoaz gozatzen (edo gozatzen saiatzen) Espigadok aipatzen duen bezala: “bisitariaren gustuko tokiko plazerrak hautatzea“.
Chestertonen arabera bidaiaria nintzen ikusten nuena ikusten nuelako. Hala ere, eskura nituen zerbitzuak ez ziren eskura egongo ikusi behar dena ikustera joaten den turismoa egon ezean. Leku askotatik pasatzen nintzen eta behatu besterik ez nituen egiten, baina nire bizikleta bidaia eskuragarri eta segurua egiteko prestatutako bideetatik joaten zen. Horrek Espigadoren artikulura eramaten nau berriro; bidaien eta turismoaren kontu honetan mundua da guri egokitzen dena, eta ez alderantziz.
Orain nire bidaia baloratzen dudanean konturatzen naiz bidaia bera izan dela helburua, leku batetik bestera etengabe joatea. Azken batean, aditzaren adiera sinpleenean eta apaingarririk gabean, helburua bidaiatzea zen. Ez nuen askoz gehiago bilatzen, nahiz eta igarotzen nuen herriren bat hobeto ezagutzeko aprobetxatu, ibilera murriztu inguruko naturaz hobeto gozatzeko, edo harritzen eta erakartzen ninduten lekuetan gelditu paisaia begiratzeko ezer gehiagorik egin gabe.
Zergatik egin dudan galdetzean, ezin dut saihestu nire haurtzaroaz gogoratzea, lehen aberriaz. Garai batean baziren bi ibiltari, kinkilari edo arlote nire herritik pasatzen zirela aldizka, ezagutzen nuen mundu osoa Lendoño, Larruazabal eta Urduña besterik ez zenean. Nire familiak etxe ondoko bordan lo egiteko leku bat prestatzen zien. Beti laguntzen nion aitari goizean gosaria eramaten zienean. Jakin-minak hartzen ninduen eta inbidia nien munduan zehar herriz herri ibiltzen zirelako libertate osoarekin. Nik ezagutzen nuen mundu txiki hura baino askoz handiagoa beste mundu bat egon behar zen, ibiltari bakarti haiek denbora asko behar izaten baitzuten Lendoñotik berriro pasatzeko. Niretzat vagabundoak ziren horrela deitzea entzun nuelako. Haiek ikustean vagabundo hitzaren esanahia libreki eta zama gutxirekin munduan zehar ibiltzea zela ulertzen nuen. Eta nik vagabundo izan nahi nuen.
Hainbat bidaia egin ditut oinez eta bizikletaz, lagunduta edo bakarrik; batzuk —horrela sinetsi nahi dut— inbidia nien vagabundo haien antzekoak izan dira. Oinez edo bizikletaz egindako aste batzuetako bidaien helburu nagusia zehinahi ere izan, bidaia bera ere —leku batetik urrutiko beste batera joatea— helburu bat zen guztietan. Egin dudan azkenean helburu nagusia izan da.
Bidaia hasi aurretik, ez nengoen ziur egin nahi nuen ibilbidea osatu ahal izango nuenik, eta tarteko zenbait helmuga jarri nituen, denborak edo indarrak huts egiten bazidaten etxera itzultzeko: La Rochelle, Nantes eta Mont Saint Michel. Bakarrik nenbilen arren, nire bidaia jarraitzen zuten senide eta lagunei esker lagunartean ikusten nuen nire burua. Haien jarraipena eta irudizko konpainia motibazio gehigarri handi bat izan ziren niretzat. Eta Mont Saint Michelera iristean Bretainiako kostaldetik Roscofferaino jarraitu nuen Nantesera itzultzeko gero.
Bidaiatzen ari nintzen bitartean, asko izan ziren egiten ari nuenaz interesatu ziren pertsonak. Ia guztiek esaten zidaten agur esatean:
—Bon courage!
Baina norbaitek, zertan ari nintzen azaldu nionean, esan zidan:
—Mais pourquoi? C'est folie!
C'est folie! Nik ezetz uste dudan arren, baliteke hala izatea. Baina egina dago.
Bidaiaria, turista edo edozein sinonimorekin definitu nahi dena izanda ere, alderrai ibiltzea espero dut vagabundo izaten. Nire haurtzaroan ikusi nituen vagabundo haiek bezalako bat naizela sinetsi nahi dut, noizean behin besterik ez bada ere.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina