Zuretzat ezezaguna den plater bat, itxura atsegina badu, lehendabizi ikusi, gero dastatu eta azkenik gozatu egiten duzu; gero noizean behin errepikatzen duzu gozatzen jarraitzeko. Ikusi, dastatu eta gozatu. Esan nezake horrela dela Done Bikendi Haraneko Santa Teodosia ermitarekiko murgilduta nagoen gozamen prozesua.
Artzaintzaren Naturbidea (GR-282) oinez egin berri dudan bidaian, ia nire hamalaugarren etaparen hasieran, ezagutzen ez nuen leku batera iritsi nintzen. Zanarri edo Santa Teodosia mendatean dagoen baseliza eta, batez ere, ingurua miresgarriak iruditu zitzaizkidan. Ezin izan dut beste bidaia bat hasi partekatu gabe niretzat aurkikuntza izan zena, ustekabekoa ez bazen ere.
Ikusi eta dastatu
Isiltasunak oraindik urradurarik ez zuenean Done Bikendi Haranatik aterea nintzen. Bideak laster pagadi batean sartu ninduen. 2 km pasatxo ibiliak nituenean, Santa Teodosia ermitarekin egin nuen topo. Bazirudien han amaitzen zela basoan gora zihoan bidea. Toskanar zutabe lirain batzuk izan ziren nire arreta piztu zuen lehen gauza, eta gero baselizaren elizpe laukizuzen zabala bi aldetako irekia; bata hego-mendebaldetik igotzen den bidera, bestea Anda aldera begira, hego-ekialdera.
‒Hemen lo egin nezakeen ‒horixe izan zen elizpe zabala eta bere bistak ikustean pentsatu nuen lehen gauza. Baina ez nintzen damutu Done Bikendiko aterpetxean lo egin eta herriko jendearen adeitasunaz gozatu izanaz.
Motxila balkoi baten azpian utziz (haranera irekitako pulpitu bat) ermita inguratu eta hango landetan ibili nintzen. Baselizaren alde batean 1995ean zuhaitz apartekoa izendatutako lizar bat ikusi nuen, harrizko gurutze eder bat eta, dozenaka metro ekialderantz, trikuharri bat. Haranera begira dauden harkaitzen ertzetik oinez jarraitu nituen hainbat dozenaka metro Done Bikendi ikusteko, baseliza hurbiletik basoak herria ezkutatzen baizuen. Ez nintzen ordu erdi baino gehiago egon. 2 km pasatxo besterik nuen eginda, eta bidearen ondoan zegoen kartel batek jakinarazten zidan 30 km baino gehiago geratzen zitzaizkidala egun hartako helmugara iristeko.
Itxura erakargarria zuen plater bat aurkitu eta dastatu egin nuen. Gozatzeko itzuli beharko nuke.
Dastatu eta gozatu
Bakarrik bidaiatzen duzunean maite dituzunekin behin baino gehiagotan partekatu nahiko zenituzke ikusten eta sentitzen duzuna. Aste honetan Santa Teodosia ermitara itzuli naiz Josunerekin (egunero harekin partekatzen nuen GR-282an egiten nuena) eta Nerearekin. Nik berriro gozatu dut lekuaz, haiek dastatu eta, espero nuen bezala, gozatu ere.
Ostiralean Opakuako portutik igo ginen ermitara joateko. Iturrietako gainak zeharkatzen dituen errepidetik (Maeztura doana, edo Sabandotik barrena Haranara), Santa Teodosia ermitarantz irteten den adarraren bidegurutzean ezkerrera jo genuen. Ermitara iritsi aurretik
Iturrietako partzoneriako larreak aprobetxatzen dituzten behiak lasai bizi direla ikusi genuen. Behi-talde pare baten aurrean gelditu behar izan genuen; autoa gainean izan arren ez ziren aztoratzen eta pistatik ez ziren aldentzen.
Gure helmugara iritsi ginenean, ikusi ahal izan nuen nire lekuarekiko mirespenak ez zuela ezer arrarorik. Lagun nituenek ezin izan zioten beren harridura adierazteari utzi leku ederragatik, paisaia miresgarriagatik.
Zorionez, baseliza barrura eta bertako geletara sartu ahal izan ginen. Haranako zenbait pertsona lanean ari ziren eraikinak eta inguruak txukunduta mantentzeko, eta ermitauaren sukaldean haien janaria prestatzen. Sartzera gonbidatu gintuzten.
Eliza nabe bakarrekoa da. Presbiterioaren gainean kupula bat dago goiko aldean irekita aldare aldea argiztatzeko; kanpotik ez da ikusten, teilatuan egindako azken obran (orain uralitazkoa da) egurrezko habe bat jarri baitzuten gainean. Elizaren eta ermitauaren gelen ondoan, margo errealista eta modernoz apaindutako gela handi bat dago; Haranako bizitza eta lanbideak irudikatzen dira: arotza, artzaina, gaztagilea... Gela hau alokatu egin daiteke.
Baselizak ostatua zuen. Ermitauak (gizonak edo emakumeak izan zitezkeen) laguntza ematera eta hospilatitate eskaintzera behartuta zeuden. Ermitan familiarekin bizi izan zen azkena ermitau gisa aritu zen 1933tik 1967ra arte.
Eraikinak erakutsi zizkigunak azaldu zigun zeintzuk diren bista ederragoen dituzten balkoiak:
‒Igeldo, Donostia ikusteko; Gaztelugatxe, Bizkaiko kostaldea ikusteko; Santa Teodosia, Anda ikusteko ‒Andakoa zen bera.
‒Beste bat ahaztu zaizu ‒esan zion Nereak‒ Gorobel mendilerroa Aiaraldea ikusteko.
‒Arrazoi duzu, hori ere balkoi bikaina da ‒esan zuen gure anfitrioiak.
Ehunka metro igo genituen ekialderantz, Igeldo eta Gastelugatxe Santa Teodosiarekin lehiatu daitezkeen ikusteko, eta Santa Teodosia Gorobel mendilerroarekin lehiatu daitekeen ikusteko.
Baseliza, trikuharria eta mendatea bera atzerago eta beherago uzten genuen heinean ikuspegia zoragarriagoa egiten zen. Hegoaldean Joar eta Kostalera mendiek zerumuga marrrazten zuten; mendebalderago La Población mendiaren silueta bereizgarria nabarmentzen zen, eta jarraian Kantauriko mendizerra; hegoaldean ere, eta Joar eta Kostalera aurrean, Lokiz mendizerra... Gure oinetan Haranako herriak, gero eta despopulatuagoak.
Harana dastatzen eta gozatzen jarraitzeko, Done Bikendi Haranatik urruntzen gintuzten asfaltatutako pistako 2 kilometroak jaitsi genituen Obenkun jatetxean bazkaltzeko.
Gozatzen jarraitu
Harana eta Iturrietako mendien hegoaldeko gailurrak orain arte ezezagunak izatea niretzat barkaezinezkoa iruditzen zait. Aurrerantzean ibiltzeko, igotzeko, senitarteko eta lagunekin batera dastatzeko lekuak izango dira; natura emankor eta lasai batez inguratuta sentitzea gustatzen zaien lagunei gomendatzeko tokiak ere izango dira.
Ez da denbora asko igaroko Done Bikendi Haranera itzuli eta Santa Teodosia ermitara igotzeko. Berandu baino lehen itzuliko naiz Iturrietako mendien hegoaldeko gailurrak zeharkatu, Kontrastara jaitsi, Haraneko lau herrietatik ibili (Kontrasta, Uribarri-Arana, Alda eta Done Bikendi Arana) eta Obenkun jatetxean indarrak berritzeko.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina