2021ko abuztua bere ekuatorera hurbiltzen ari zen Covid txertoaren ondoko ezarritako epeek bidaiatzeko aukera eman zigutenean. Bretainiarako bidaia hasi genuen Josunek eta biok. Ahalik eta astiroen bidaiatu eta egun batzuk Landak zeharkatzeko asmoa genuen. Baina gau bakar bat egin genuen Landetan. Léon-go kanpin batean gaua eman ondoren —lakutik urrun, inguruan turista gehiagorentzako lekurik ez zegoelako—, St. Girons Plage-ra hurbildu ginen bere hondartzara joateko. Ezin izan genuen aparkatu leku faltagatik.
Urrian berriro zeharkatu nituen Landak hegoaldetik iparraldera, oraingoan bakarka. Mont Saint Michelera joaten nintzen bizikletaz, gero Bretainiako kostaldetik Roscoffera iristeko. Zazpi egunez Baiona eta Royan artean ibili nintzen pedalei eragiten, hare gainean hazten den pinudi erraldoia zeharkatuz. Itsasoa ezkerretara neukan, baina dunak uzten zidanean bakarrik begiratzen nion. La Gironde-ko estuarioa zeharkatu nuen arte, landare-tunel batetik nenbilela sentitu nuen. Itsasertzeko herriren bateko hondartzara joateko tunel hartatik irteten nintzenean, kanpin askoren ondotik igarotzen nintzen, ia guztiak hutsik eta itxita, eta bat-batean abandonatuak izan balira bezala. Itsasoaren edo Landetako laku baten ondoko herri askok basamortuak ziruditen, berriki ere abandonatuak.
2022ko urtarrilaren hasieran Josunerekin itzuli nintzen Landetako kostaldea zeharkatzeko eta urrian gozatu nituen leku eta paisaietako batzuk erakusteko. Herri batzuk zeharkatu eta hondartzetara iristean, sentsazioa urrian izan nuen berbera izan zen. Abandonatutako edo erdi abandonatutako herrietara heltzen ginela, non ia denda guztiak, ostalaritza-lokalak eta bizikletak edo surf-ekipoak alokatzeko saltokiak itxita zeuden. Pertsona bakan batzuk lokal desberdinetan aritzen ziren errehabilitazio edo garbiketa lanetan, ziur aski hurrengo denboraldi turistikoaren hasiera prestatzen eta dagokion udatiar oldea itxaroten..
Urrian, bizikletan nenbilela, itsas pinua ez diren espezieak ikusi ahal izan nituen, nahiz eta espezie horien presentzia oso txikia izan: haritzak, urkiak, artelatzak, gurbitzak... Autoz bidaiatzen genuenean aldiz, ez zen erraza pinua ez den beste espezierik ikustea. Itsas pinuak mendebaldeko Europako handiena den Landetako basoaren %90 hartzen du. Basoak 1.000.000 hektarea inguruko azalera du eta Akitania Berriko hiru departamentu okupatzen ditu: Landak, Gironde eta Lot et Garonne-ren zati bat. 10.000 kilometro karratu horietako gehienak inguru zingiratsuak ziren XIX. mendera arte. Gizakiak sortutako paisaia hau gaztea da oraindik. Noiz arte jarraituko da garatzen?
Eskolako irakurketa batzuetan deskribatuta ikusi nituen bezala imajinatzen nituen Landak: padura handiak, eta haietan leku batetik bestera joateko zurezko zangoak erabili behar zituztela. Gero, eskualde hau zeharkatzen nuen bakoitzean —ia beti gelditu gabe— galdetzen nion neure buruari: zergatik utzi zioten trikimakoak erabiltzeari? Harea nonahikoa da, baina ez ura, etangs ugari badira ere; zergatik inguru hau ez da zingiratsua dagoeneko? Jakin dudanean pinu horien hektarea baten sustraiek 45.000 litro ur xurgatzen dituztela egun batean, ulertu dut (espero dut zuzen ulertzea) hezeguneak desagertzearen arrazoia.
Urtarrileko bidaian uretatik gertu gelditu ginen batez ere, edo itsas ertzean edo aintzira edo etang ugarietako batzuen ondoan. Parentis en Born-en, adibidez, Biscarrosse eta Parentis lakuaren ertzean. Edo Maubuisson-en, Hourtin eta Carcans lakuaren ertzean hutsik dagoen herri bat; honetan bazirudien dena zegoela norbait berriro noiz okupatuko zain: etxebizitzak, aparkalekuak, dendak, kanpina, itsasontziak, hondartzako harea...
Lakuen ertzeko paseoak baketsuak, lasaiak eta ia bakardadean eginda izan ziren. Urak ispilu bat zirudien ia beti —brisak ozta-ozta uhintzen zuen—, euriak bere gainazal leuna kristal bat leherraraziko balu bezala hausten zuenean izan ezik.
Itsasoa, aldiz, asaldaturik ageri zaigu, batzuetan oldarkor. Contis Plage-n, adibidez, euria horizontalki heltzen zitaigun haizearen eraginez, hodeietatik etorri beharrean ura olatuek eta haizeak gure kontra botako balute bezala.
Biscarrosse Plage-n zorte handiagoa izan genuen, eta hondartzan ibilaldia luzatu ahal izan genuen, nahiz eta ez posiblea zen bezainbeste; ikusten genuen punta batetik beste puntara ibiltzeko asmorik ez genuen. Iparralderantz jarraituz gero, Pilat Plage-raino irits gintezke. Hala ere, hareatza amaigabe hauetatik hegoalderantz jarraitzea ezinezkoa izango zitzaigun. Lehenik, alde hartan hondartza makineria astunez beteta zegoelako; hondeamakinek eta kamioiek hondartza bereko harea garraiatzen zuten itsasoak eta neguko ekaitzek zigortutako dunaraino. Helburua itsasoak irentsitako zatiak indarberritzea zen. Bigarrenik, makineria astuna saihestu arren, ezin izango genuen hegoalderantz jarraitu eremu militar zabal eta debekatuak Mimizan eta Biscarrosse Plage arteko kostalde osoa hartzen baitu. Aureilhan-go eta Biscarrosse eta Parentis-eko lakuak ere eremu militar horren mugetako batzuk dira. Eremu honetatik misilak probatzen dira Atlantikora jaurtitzen (DGA Essais de misiles).
Gau bat Soulac sur Mer itsasertzean dagoen autokarabana gune batean igaro egin genuen. Duna bat-batean bukatzen zen gure aurrean eta ez zigun itsasoa izkutatzen. Itsasoak eragindako higadura bat-batekoa eta bortitza izan dela ematen zuen, dunak labar baten itxura zeukan, hareazko labar hauskor eta ahul batena. Gauean bakarrik egin zuen euria, beraz goizean mendebaldeko haizeak ez zigun aurpegira ura botatzen, baina noizean behin harea aleren batekin zigortzen zigun.
Gironde estuarioa ferryz zeharkatu genuen, Royan bisitatu ondoren estuarioko eskuinaldetik itzultzeko. Baina oraindik beste gauza harrigarri edo bitxi bat ikusiko genuen Landetako kostaldean. St. Girons Plage-era itzuli nahi izan genuen. Iparralderantz gindoazenean ez ginen bertan gelditu, eta abuztuan aparkatu ezin izateagatik abandonatutako lekua ikusi nahi genuen. Aurretik ikusitako kostaldeko gainerako herriek erdi abandonatuak baziruditen, St. Girons Plage basamortu baten erdian hilobiratzeko zorian zegoen herri bat bezala agertu zitzaigun. Kaleak hareaz estalita zeuden, eta etxeen eta saltokien kontra pilatzen zen; hareak sarrerako ate bat baino gehiago erabilezin bihurtarazten zuen eta leihoen pareraino iristen zen.
Biscarrosse Plage-n ikusi genituen lanak ez bezala, edo Soulac sur Mer-en karteletan iragarrita ikusi genituenak, St. Girons Plage herrian duna berregin ahal izango dute harea herriko kaleetatik itsasorantz bultzatuz edo garraiatuz; herria berriro turismo masiboari ireki aurretik, kaleak estaltzen dituen itsas hondar guztia kendu beharko dute.
Naturaren aurka borrokatzeak lan hutsala dirudi; hondar tonak eta tonak hondartzan bertan leku batetik bestera mugitzea zentzugabekeria. Baina hainbat interes eta ahalegin horiei esker, urtean bostpasei hilabetez kostako herriak bizitzaz beteko dira.
Herria erabat abandonatuko balitz, zenbat denbora beharko luke hareak St. Girons Plage erabat estaltzeko?
Momentuz hau da dakiguna: Landetan itsasoa dunaren beste aldean aurkitzen dela.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina